Mikel Materen Gladys: 35 years lana Donostiako Udaletxeko Pleno aretoan estreinatuko da datorren igandean, martxoak 8, arratsaldeko 7etan. Emakumearen eta Bakearen Nazioarteko Eguna dela eta, Tepodo Konpositore Elkarteak antolatutako musika garaikideko kontzertu baten baitan izango da estreinaldia. Honela, elkarteak Gladys omendu nahi du, “etorkizuneko gizarte baketsu eta ekologikoarekin herritarren konpromisoaren sinbolo gisa”.
Kontzertuak Erro(nk)ak du izenburua. Programa Baikune de Alba, Lander Zurdo, José Manuel Crespo, Josune Otxotorena eta Materen beraren lanek osatzen dute, guzti-guztiak estreinatzekoak. Interpretazioa European Basque Orchestra 2016k egingo du, Antonio Lajara zuzendaritzapean. Gladys: 35 years-en kasuan, Ana Belén Pérez (pianoa) eta Judith Montero (saxo sopranoa) arituko dira bakarlari moduan.
Gladys: 35 years hamar minutu inguruko lana da. Mikel Mate iaz hasi zen ontzen, Gladys hil zuteneko 35. urtemuga zela eta. (Gogoan izan Guadia Zibilak Gladys 1979an hil zuela, buruan tiro bat jota, Tuteran, bertan eraiki nahi zuten zentral nuklearraren kontrako eta Bardeetako tiro-poligonoaren kontrako kontzentrazio batean). Kontua da lana ezin izan zela estreinatu Eguzkik Egiako parkean urtero antolatzen duen Gladysen omenezko ekitaldian. Baina urak nola, Materen lanak ere hala egin du bere bidea, eta iritsi da estreinaldiaren eguna. Eguzkikook, behintzat, igandean ez dugu huts egingo.